Contents limits

Merkataritza Erregistroa

Merkataritza Erregistroa bulego publiko bat da. Probintziako hiriburu guztietan eta legez aukeratu diren hainbat hiritan dago. Merkataritza Erregistratzaileek kudeatzen dute, eta Justizia Ministerioko Erregistroen eta Notarioen Zuzendaritza Nagusiaren mende dago.

Espainiako hiriburu guztietan Merkataritza Erregistro bakar bat dago. Horrez gain, Merkataritza Erregistroak daude Ceuta, Melilla,  Eivissa, Maó, Arrecife, Puerto del Rosario, Santa Cruz de la Palma, San Sebastián de la Gomera, Valverde eta Santiago hirietan. Halaber, Merkataritza Erregistro Nagusiak sozietateen eta merkataritza-erakundeen izendapenak kudeatzeko ardura du.

Sozietateek nortasun juridikoa hartzen dute, dagokien Merkataritza Erregistroan inskribatzen direnetik; hartara, inskripzioa nahitaezkoa eta eratzailea da.

Merkataritza-erregistratzaile bat edo batzuk arduratzen dira erregistro bakoitzaz. Erregistratzaileak Zuzenbidean adituak dira, eta eginkizun publiko bat betetzen dute: Erregistroan sartu behar diren agiri guztiak euren erantzukizunaren mende kalifikatu eta kontrolatu behar dituzte.

Merkataritza Erregistroa legezko tresna nagusia da, negozioak formalizatzeko. Ezinbestekoa da ekonomia-garapenerako, transakzio-gastuak murritzeko baliabidea baita. 

Erregistroko inskripzioak egiten dira, erregistro-kalifikazioa eman ondoren: sozietatearen egintzen eta akordioen legezkotasuna eta haien edukiaren baliozkotasuna egiaztatu behar dira, bai eta sinatzaileen gaitasuna eta legitimazioa ere.

Erregistroak egiten duen kontrol hori dela eta, oso ondorio garrantzitsuak dituzte inskripzioek:
 

a) Erregistroaren edukia baliozkoa eta zehatza dela jotzen da.

b) Inskribatu  diren egintza guztiak fede oneko hirugarrenen aurrean oposagarriak dira.

c) Erregistroaren idazkunak auzitegien zaintzapean daude, eta idazkun horiek euren ondorioak sortzen dituzte, euron zehaztasunik ezari edo deuseztasunari buruzko adierazpen judiziala inskribatzen ez den bitartean.

d) Zehaztasunik ezari edo deuseztasunari buruzko adierazpenek ez diete kalterik egingo fede oneko hirugarrenen eskubideei, betiere, baldin eta eskubide horiek Zuzenbidearekin bat etorriz eskuratu badira.

Horri esker, enpresek nahiz herritarrek eta herri-administrazioek ez dute transakzio-gastu handirik ordaindu behar. Gainera, kontratatu nahi dituzten erakundeei buruzko informazio egiaztatua dute eskura, bai eta erakunde horien egoera juridikoa eta ekonomia zein den jakiteko aukera ere.

Edonor sar daiteke, denbora errealean, Erregistratzaileen Elkargoaren webgunearen bitartez, www.registradores.org, ematen den informazioan, zehatz-mehatz, merkataritza-informazio interaktiboaren atalean. Hainbat datu soziali buruzko informazioa eta gordailutu diren urteko kontuen eduki zehatza berehala lor daiteke urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan. Informazioa erregistratutako egintza sozialak biltzen dituen datu-base eguneratua eta zehatza da.
 

Contents limits
itxi